Zinema Euskaraz programak 'Chef' komedia frantsesa aurrestreinatuko da gaur, abenduak 4, gaueko 22:30ean, Bilboko Multis eta Gasteizko Florida zinema-aretoetan. Halaber, ostiralean, abenduaren 7an, Ordiziako Herri Antzokian estreinatuko da, eta ondoren, pelikularen emanaldia Euskadiko hainbat herritan espero da.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta EPE-APV eta IBAIA ikus-entzunezko ekoizleen taldeek osatzen duten Zineuskadi elkartearen barnean dagoen programa da Zinema Euskaraz, eta bere helburu nagusia herritarren eskura euskal balio zinematografikoak sustatuko dituen, euskararen erabilera komunikazio kultural gisa erabiliko duen zein aisialdi arloan normalizazioa bultzatuko duen film sorta bat jartzea da.
Programaren arduradunen esanetan, 'Chef' pelikularen istorioak ikuslearen «zinema gosea aseko du». Donostia Zinemaldiaren Culinary Zinema atalean parte hartu zuen joan den irailean Daniel Cohen-ek zuzenduriko pelikula. Jean Reno eta Michael Youn dira aktore nagusiak.
Komedia honek goi-sukaldaritza frantsesaren mundua eta 'Michelin' gidaren izarren kontuak azaltzen ditu modu dibertigarri eta liluragarrian. Alexandre Lagarde chef handia ez da ondo konpontzen bere jatetxearen zuzendaritza berriarekin, sukaldaritza molekularraren aldeko apustua egin duelako. Apurka-apurka Alexandreren sukaldari-taldeko kideak atzerriko jatetxeetara aldatu dituzte.
Lagarde etsita dago eta ez dauka ideiarik 'Michelin' gidaren gastronomia kritikariek ebaluatuko duten menu berria osatzeko. Inspirazioa eta laguntzaile berri bat behar ditu, eta orduan ezagutuko du Jacky, goi-sukaldaritzan zaletua den sukaldari autodidakta, burugogorra eta talentu handikoa.